Harri eta zur utzi naute Nafarroako Gobernuko kontseilari eta Hizkuntza Politikarako erantzule den Ana Olloren hitzek. Nafarroako Gobernua ez omen da Euskararen Legearen helburu den Euskararen garapena, berreskurapena eta erabilera sustatzeko arduradun, haurren matrikulazio eredu aukerari dagokionez gutxienez. Zeregin hori udalen esku utzi zuten iaz, eta aurten bide berari jarraituko zaio, laguntza tekniko eta ekonomikoa emanez bai, baina kanpainaren zuzendaritzari uko eginez.
“Honek ez du esan nahi D ereduan matrikulatzeko Udaletako euskara zerbitzuek egiten dituzten kanpainak eraginkorrak ez direnik” dio kontseilariak, baina norbaitek uste badu UPN edo PSN edo antzekorik alkatetzan duten udalerri bakar batek D edo A ereduaren alde sutsu egingo duenik, jai du.
Udaletako euskara zerbitzuei -baldin badute- ez dagokie Erkidego mailan burutu beharreko politika publikoen garapena. Euskararen Foru Legea foru lege den heinean, Foru erakundeak izan beharko dute horren bermatzaile eta zuzendari politiko.
“Ohiko sentsibilizazio kanpaina tradizionalek eragin txikia” omen dute matrikulazio kanpainei dagokienez. Baina txikia izanik ere, ba omen dute. Eraginik ez duena, deus ez egitea da.