Ez da giro aurten Sanferminak direla eta ez direla, Iruñeko Udalak oraindik ez omen baitu jaia debekatua edo baimendua egongo den argitu nahi.
Ezberdintzeko erraza dirudien horrek giza jokabidean eta Udalak herritarrekiko duen mesfidantza naturalarekin egin du topo. Ez da arraroa pentsatzea Uztailaren 6an hamaiketako masiboak egon daitezkeela Iruñeko Alde Zaharrean eta orain gutxi Mendillorrin ikusitakoak bezalakoak gertatzea.
Baina arraroa dena da Maya alkatearen udal gobernuak auzoetako jai batzordeei uztailaren 6erako programa alternatibo eta herrikoiak antolatzeko eskakizuna egin izana. Hamarkadak daramatzate Iruñeko herri mugimendu eta eragileek Sanfermin herrikoiagoen alde eginez eta horren aurrean UPN beti irmo izan da horren aurka. Atzo debekatuak eta isun mehatxupean zeuden trikitilari eta kaldereteak, gaur agintarien nahia dira. Harri eta zur geratzeko modukoa. Mundu mailako pandemia bat gertatu behar izan da UPNk Iruñeko herri mugimenduari bide emateko. Normaltasun berriak horrelakoak dakartza dirudienez. Despotismoaren ondoren derrotismo apur bat ere antzematen da UPNren nomaltasun berrian.
Osasun krisialdiaren aurrean osasuna bermatzearren bakoitzak berea egin behar du; agintariek eta eragile herrikoiek. Horrela ba, askoz ere ulergarriagoa izan da Iruñeko Peñen jarrera; aski ongi ulertu baitute egoera eta erantzun pragmatikoa eman ere; aurten, jairik ez.
Espero dezagun hurrengo urteetara begira agintariek Sanfermin herrikoiagoen aldeko apustua mantentzea ere.