Asteazkenean Diputatuen Kongresuan egindako osko bilkuran Alderdi Popularreko bozeramaile batek gobernuari aurpegiratutako esaldi bakarra azpimarratuko dut gaurkoan: “Politikagintza aurretiaz jokatzearen artea da, arazoei aurrea hartu eta erreakzionatzearen artea”.
Ez da esaldi makala egunotan dugun osasungintza krisialdiaren aurrean. Ez da batere makala kontutan hartuta PPren jardun historikoa osasungintzaren prekarizazioan, ospitaleen pribatizazioan eta baliabide publikoen murrizketan fokatu dela gobernu ardurak eduki dituen bakoitzean. Zer esan etorkinei osasun arretarik ez emateko Vox-en proposamen eroaren aurrean... Gobernuak ordea protagonismo itzela Armadari emanez jardun du, uniformatutako armadun gizonak gure kaleetan barreiatuz eta prentsaurrekoetan galoi eta dominadun militar batek hizkera militarrean gerra partea emanez. Nik pertsonalki nahiagoko nuke bata zuridun norbait azalpenak ematen ikustea.
Bien bitartean ospitaleetan halamoduzko egoera, profesional gutxi eta lanordu gehiegirekin, Norberaren Babeserako Ekipo eskasiarekin eta boluntariotzari esker bermatuz funtzionamenduaren puska eder bat.
Batzuentzako aurretiaz jokatzea, batzuek egin dutenari eta besteek proposatzen dutenari helduta, hori bada, nik argi dut aurretiaz jokatzea zenbait alderdiri ardura politikorik sekulan ez ematea dela. Hori bai litzatekeela politikagintzan aurretiaz jokatzearen artea.