Nafarroan hain da nabarmena zaletasuna Guardia Zibilarekiko eta agerikoa gehiagoren beharra dugula, espainiar gobernuaren ordezkari den Arastik jada iragarri digula 200 gehiago ekarriko dizkigula.
Ziurrenik orain dauden destinoetan ez dute sobera lanik eta Extremaduran, Gibraltar inguruan edo Teruelen Guardia Zibil gehiago behar dituztela dioten beste agintari edo polizia sindikatu horiek ez omen dute hemengoek bezalako premiarik.
Nafarroan poliziak orokorrean edo guardia zibilak partikularrean asko edo gutxi maite ditugun eztabaidatzen ez naiz arituko. Nik neurea pentsa dezaket eta aldamenekoak aurkakoa, zilegitasun osoz gainera. Baina galdetu beharrekoa da Europa mailan polizia ratiorik handienetakoa duen lurralde batetara, aldi berean kriminaltasun tasa urrienetakoa duen bitartean, 200 armadun gehiago ekartzea zentzuduna ote den.
Eta galdetu beharrekoa da ea zein unetan utziko dion PSOEk VOX-eko ultraeskuinak manifestaldietan eskatzen duenari jarraiki jarduten. Hor bai badagoela zentzutasun falta.