Bi goiburu topatu ditut azken egunetan: batak dio Sánchezek onartu duela fiskaltza Gobernuarengandik autonomoa dela eta hanka sartu zuela kontrakoa esan zuenean Kataluniako aferari dagokionez. Beste goiburuak Vox-en gorakadak alderdi handiak urduri jartzen ari dituela dio.
Ez dakit Sánchezek argudiatu bezala oso nekaturik ote zegoen horrelakoa bota zuenean. Urduri agian bai. Urduri boto bila inguruan iritzi horrekin ados dauden beste alderdiekin. Edo nekeaz jota azpikontzienteak hitz egin zuen presidenteak egin ordez. Lapsus bat. Nork daki?
Hala ere nahiko inuzenteak izan beharra dago, Euskal Herrian bederen, Fiskaltza Gobernuarengandik independentea dela pentsatzeko. Galde dezatela Altsasun. Edo begira Foru Lege aunitzen helegiteetan. Edo derrigorrean itxi behar izan zuten komunikabideetan.
Gauza da badela Vox bezalako alderdietan horrelakorik neke edo azpikontzienteari egotzi ordez harrotasunez agertzen duenik. Eta bertan, demagun Katalunia dela mintzagaia, prestu ageri dira askotan iritzi berarekin PP edo Ciudadanoseko ordezkariak Vox zurituz. Agian Sánchezen eta PSOEren beraren azpikontzienteak hainbat gaietan Vox alderdia bera zuritzeko ez du arazo gehiegirik. Urduri egon gabe sikiera. Nork daki?