Hauteskundeak gainean gaur amaitzen omen da orain hamabost egun hasi zen hauteskunde kanpaina. Egia esateko, hamabost egun baino, jada hilabeteak, edo ia urteak direla esan dezakegu Nafarroan egin den hauteskunde kanpaina. Baina goazen harira. Gaur amaitu eta bihar hausnarketa eguna delakoa omen. Gauza gehiegi hausnartzeko. Hausnartu behar zein zentzu duen Madrileko Diputatuen Kongresuan ordezkariak edukitzearen zentzua. Hausnartu behar Senatuak zertarako balio duen. Hausnartu behar hauteskunde hauen funtsa eta mamia. Hori hausnartuta, nik hausnartu nahiko nuke zergatik Mariano Rajoyren gobernuak erabaki duen data hau zela hauteskundeak egiteko egokiena. Hausnartu behar Gabonen aitzinean botoaren joera nolakoa den. Hausnartu behar PPren politikek ekarri gaituzten langabezia tasa egoera honetan, urte amaierako datuen goxotzeak nola eragiten dion hiritarrari. Hausnartu behar Gobernu horrek berak Nafarroako legeei 16 helegite jarri badizkio, zein lotsagabekeriarekin aurkezten den hemen hauteskundeetara. Hausnartu behar herri honen defentsa nork egiten duen eta nork ez. Gauza gehiegi hausnartu behar egun bakarrean; lau urteko gibelean hausnartu ez badira zail ikusten dut inork bihar botoa erabakitzea, baina, auskalo, nork daki. Azken finean hausnartu behar ere, hausnarketa egun horrek zentzurik duen. Hala ere, hausnar beza boto emaile agurgarriak, eta, arren, bota beza ere.