Jose Luis Beaumont abokatuaren salaketa larria ezagutu berri dugu. Giza Eskubideetako epaitegi europarrak estatu espaniarra argi ta garbi kondenatzen du, 2016ko abenduan Iruñean bortxatu zituzten bi emakumeen eskubideak haintzat ez hartzeagatik.
Biktimek eta haiekin batera Beaumont bere abokatuak aurrera egin dute kasuaren salaketan, beren bakardade lotsaemangarrian.
9 urte luze hauetan behin eta berriz elegitea aurkeztu dute botere judizialeko maila guztietan, alferrik. Epaileek, gizon eta emakumeak, Fiskalek, gizon eta emakumeak ere bai, polizi nazionalak, Nafarroako Entzutegiak, Iruñeko Lehen eta Bostgarren Instrukzio epaitegiek, Epaitegi dekanoak, Epaitegi Konstituzioanal espaniarrak. Horiek guztiek beste aldera begiratu dute. Ez diote jaramonik egin beren eskuetara iritsitako bortxaketa bikoitzaren kasuari.
Ez hori bakarrik. Beaumont abokatuak salatu egiten ditu arrazoi beragatik talde feministak, alderdi politiko guztiak, Nafarroako Gobernua, Iruñeko udala, gobernu zentraleko ordezkaritza, komunikabide gehienek erabili duten jokabidea eta baita Nafarroako gizarte osoa.
Guzti guztiek erantzun zehatza eman beharrean daude. Uste dut.
Duela bederatzi urte bi emakume bortxatu zituzten Erripagaina auzoan. Horren aurretik, Alde Zaharreko taberna batean edan arazi egin zieten beren menpekotasuna segurtatzen zuen sustantzi kimikoa. Bi kriminalek, baten koinadoaren laguntzaz ezabatu zituzten gero froga guztiak, kamerek argitu zezaketen grabaketak…Dena.
Orain jakin, badakigu, inungo frogarik gabe ezin dela gaizkileak hauziperatu ezta beren izena jakin. Eta hori horrela izanda ere, haien inguruetan ezaguna izanen da orain eta orain baino lehen biktimarioen jokabidea. Mingarria da erabat ikustea zigorrik gabe geratuko direla bortxatzaileak baita polizi nazionala den koinadoa.
Gure mundu txiki hontan zaila izanen da betirako izkutatzea nortzuk izan diren ofizialki errugabe atera diren madarikatu horiek. Hori nahi eta espero dut.