Garai bati beste batek jarraitzen dio. Egun bati hurrengoak eta urtearen aldaketa datorrenean jakin badakit ere urte bat itzaltzean beste berri bat sortzen dela beti. Badakit ez garela urtearen amaierara iritsi baina ez dut horren beharrik izan gauzak gure mundu honetan gaizki joaten direla ohartzeko. Otsailaren 24 eta urriaren 7 izan dira gerra handi batzuk sortzeko egunak. Gizakiaren krudeltasunak ez du etenik, ezta atsedenik ere. Edo hobe esanda gizakion porrota behin eta berriz errepikatzen da, hori baino ez baita bakearen hausdura. Herrien duintasuna, gizon emakumeen bizitza arrisku bizian jartzea ez omen da zaila. Behin oreka hautsita, zaila da ordea aurrez aurre jarritakoak bere onera ekartzea.
Bi urte eta zortzi hilabete joan dira Ukrania eta Errusiaren artekoa sortu zenetik. Urtebete pasa Palestinako azken leherketak eztanda egin zuenetik eta egunez egun gertaera larriak datozkigu begi eta belarrietara. Gure mundua sutan dago hainbat tokitan. Gatazka ezkutuak edo oso gutxi zabaldutakoak dira gehienak. 45 omen dira oraintxe gatazka armatuetan sartuta dauden herrialdeak. Guztietan krudeltasuna nagusi. Oraintxe denen gainetik ozen entzuten da palestinarrekin gertatzen ari den genozidioa. Herriak aspaldian ari dira Aski da esaten baina gerren sortzaileak eta arma hornitzaile eta sostengu diren konplize zuzenak entzungor dira. Interes estratejikoak eta negozioak dira beren lehentasuna eta ez jende xumearen bizitza. Izan dira historian zehar oraintxe bizi ditugun tragedia bezalakoak baina ez gaitezen itsu izan. Oraingo mementu hauetan gertatzen ari direnak oso latzak dira eta nik behintzat ez dut lekuko mutua izan nahi.