Gelditu gabe jarraitzen du, bai, Nafarroako Gobernua euskara zokoratzen. Maiatzean milaka herritar kalera atera ginen bi aldarri nagusirekin, batetik, euskaldunak bigarren mailako herritar bihurtuko dituen merezimenduen aurkakoa, eta bestetik, PAI ereduaren inposizioa bertan behera uztekoa, hain zuzen ere, orduan zabaldu baitzuen Gobernuak PAI eredu linguistiko bihurtzeko lehenengo urratsa izan zitekeen plazak egonkortzeko legea.
Orain, urrats berri bat egin du. Honez gero, aurreratu du hurrengo ikasturtean PAI delako eredua izango dela Nafarroako hezkuntza-sisteman, eta zonifikaziorik gabe bultzatuko duela eredu hori. Eta, nola ez, burura datorkit, duela ez horrenbeste denbora, Mendigorriko gurasoek egin beharreko borroka euskarazko eredua lortzeko.
Duela hilabete batzuk Euskalerria irratiko adierazpen batzuetan esandakoa ekarri nahi dut beste behin, baina orain are ozenago esan nahi dut: “Euskarazko ereduari galga jartzeko sortu zuten PAI”. Politika bortitzak aplikatzen zituen alderdiak abian jarri, baina bere burua aurrerakoitzat duen Gobernua exekutatu. Zinez uste dut Nafarroako Parlamentutik ere galga jarri beharko diotela halako erabakiei, ezin onar daiteke, berriz ere, atzerriko hizkuntzak berezko hizkuntzaren gainean jartzeko politika.