Ez loteslea

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2022ko ira. 20a, 16:43

Ez loteslea
Bai, badakigu Euskararen Nafar Kontseiluaren irismenak ez direla lotesleak. Kontua da, aurreko ostiralean Nafarroako Gobernuak lanpostu publikoetan hizkuntzen ezagutzaren balorazioa arautuko duen dekretu-proposamenak ez zuela aldeko boto bat bera ere jaso: bat ere ez.
Egoera paradoxikoa dugu orain. Gobernuak hizkuntza-politikaren inguruko aholkuak emateko erakundea sortu zuen. Gobernuak berak izendatu ditu erakunde horretako ordezkariak. Bilerara bertaratutako ordezkari batek ere ez du egokitzat jo Gobernuaren proposamena. Ez al dio Gobernuak gaiari buelta bat emango?
Tamalez, ez dut halakorik espero. Maiatzean milaka herritar kalera atera ginen desadostasuna erakusteko, eta Gobernuak entzungorrarena egin zuen. Orain, segurki, mahai gainean jarriko du tramitea besterik ez dela. 
Dena den, irismena loteslea ez izatea ezin bihur dezakete aitzakia herritarren arteko bereizkeria hauspotuko duen dekretua ez berraztertzeko. Hori egin ezean, beste behin, Gobernuak agerian utziko du bere buruari esleitzen dion izaera aurrerakoia gezurra dela. Agian, hobe luke bere sokako ordezkariak jartzea, araugintza baztertzailearen aldeko irismenak izateko. 
Postdata: ez nuke ahaztu nahi, noski, Euskararen Nafar Kontseiluak egun berean ofizialtasunaren aldeko adierazpena onartu zuekla, kasu horretan kontrako bozkarik gabe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!