Partida ez da amaitu

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2022ko mai. 10a, 14:09

Larunbatean milaka herritarrok argi eta ozen esan genuen ez dugula herritarrak gutxietsiko dituen neurririk nahi. Eta, berdintasuna bermatuko duen politikaren beharra, besteak beste, legeak ezarritako hiru eremu linguistikoetako herritarren bizipenek agertu zuten: Elizondoko Maialenek, Nafarroan kilometroak egin ahala, eskubideak “galdu” egiten zituela azaldu zuen. Iruñerriko Jonek eskandalukotzat jo zuen lanpostu guztietan kontuan hartzea alemanaren, ingelesaren eta frantsesaren ezagutza, eta ez, ordea, euskararena. Erriberako Danik gogora ekarri zuen hegoaldean euskara elementu arrotza izatea sustatzen dutela. Halere, hirurek berretsi zuten euskaraz bizitzeko nahiari eutsiko diotela. Larunbatean bildutako milaka herritarrek ere, zalantzarik ez dut, nahi horri jarraituko diotela.
Akaso, manifestazioaren amaieran esandako esaldia ekarri nahiko nuke gaur: partida ez da amaitu. Izan ere, ez dago gure komunitatea aurretik eramango duen pandemiarik, epairik, dekreturik edota PAI legerik. Herritarrok argi dugu, eta horretan sinetsirik jarraitzen dugu aurrera. Orain, ordezkari politikoei dagokie benetako irmotasuna erakustea atzera gehiago ez egiteko, eta, noski, partida amaitutzat ez jotzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!