539. kilometroa
Zin dagizuet entzuleok! Oraindik ere borborrean jartzen zait bihotza Korrikaren irudiak,
Korrikaren uneak gogora ekartzen ditudanean. Itzela izan da, bai. Norbaitek pentsatuko balu
pandemia batek herri gogoa apalduko lukeela, jai zuen. Norbaiteko pentsatuk balu epaitegietako
oldarraldiek edo ikusgabetu nahi gaituzten politikek etxean utziko gintuzketela, jai zuen.
Eta, zer esan Nafarroan ikusitakoaz edo bizitako uneez. Zein irudi epikoak herritarrak elurpean
furgoneta bultzatzen ikustea, zein irudi ederrak Erriberatik. Idatzi eta oilo‐ipurdia azalean. Eta
izan ziren bai euskararen aldeko batasuna erakusten zuten kilometroak, esaterako, gehiengo
sindikalaren kilometroa, edota 539. kilometroa. Bai, Nafarroako Parlamentuko hainbat alderdi
politikok 539. kilometroa elkarrekin egin zuten.
Halere, ongi dago gogoratzea aurten Korrikak HITZEKIN jardutera gonbidatu gaituela. Hau da,
hitzetatik ekintzetara jauzia egiteko deia egin zaigula, eta beraz, 539. kilometroa egin dutenei
ere hitzetatik ekintzetara jauzia egiteko deia egin nahi diet. Maiatzaren 7an Euskalgintzaren
Kontseiluak manifestazioa antolatu du Nafarroako Gobernuari herritarrak mespretxa ez ditzan
eta guztiontzako eskubideak bermatzeko moduko politikak gara ditzala eskatzeko. Hartara, 539.
kilometroa egin zutenei eskatu nahi diet presioa egin dezatela, Gobernua baldintza dezatela
prestatzen ari diren dekretuak marra gorri onartezinak gaindi ez ditzan. Guztiok, elkarrekin,
hitzekin!