Bai, inolako zalantzarik gabe Nafarroako Gobernua adarra jotzen ari zaigu. 2019ko urritik iragartzen ari dira administrazioan euskararen erabileraren inguruko dekretua onartuko dutela. Hilabeteak daramatza Gobernuko lehendakaria esaten Dekretua prest dagoela. Are gehiago, irrati-kate batean aurreratu zuen urtea amaitzerako aurkeztuko zuela. Hori horrela izanik ere, bueltaka jarraitzen dute, errotondari bueltaka
Eta, bai, badakigu Dekretu berriak duela hogei urte euskararen eta euskaldunen aurka abian jarri ziren neurriak betikotuko dituela. Baina egia ere bada, egun, Dekreturik gabe, orduan baino irizpide murritzaileagoak ari dela aplikatzen bere buruari aurrerakoi eta sozial deitzen dion Gobernua.
Adarra jotzen ari zaigu, bai, hurrengo hauteskundeak zenbat eta hurbilago egon, atarramendu elektoral eta alderdikoi handiagoa aterako diolako Dekretuari. Bai, jaun-andreok, herritarren eskubideei baino, atarramendu elektoralari eta alderdikoiari begiratzen ari zaie.
Eta, noski, hori guztia Gobernua osatzen eta sostengatzen duten alderdien arteko desadostasuna denez, lasaitasun osoz jo diezagukete adarra!