Duela hemeretzi urte, bai, denbora aurrera doa, Nafarroako Gobernuko orduko Unibertsitate eta Hizkuntza Politikako zuzendari Pedro Pejenauterekin bilera izan genuen. Hizkuntz Eskubideen Behatokia sortu berria zen eta instituzioei gure zeregina aurkeztu genien Euskal Herriaren luze zabalean.
Bagenekien, bai, ez zela bilera samurra izango: bagenekien, bai, edozein unetan bilerak leher egingo zuela. Eta, halaxe izan zen.
Une batean zuzendari jaunak esan zigun Nafarroan bazela euskara ez ikusteko eskubidea, eta Gobernuak hori errespetatu behar zuela. Gure aldetik, hori ukatzeaz gain, eskatu genion esateko balizko eskubide hori egiazkoa dela egiaztatzeko ea nazioarteko zein itunek jasotzen zuen. Erantzuna oso akademikoa izan zen: Nafarroan hori horrela da. Hori izan zen bileraren amaiera.
Hemeretzi urte beranduago langileen eskubideen alde jardun beharko lukeen sindikatu bateko idazkari nagusiari entzundako adierazpenek Pejenaute ekarri didate gogora. Zeinek bere ondorioak atera ditzala.
2019ko urriaren 8an