Egia da, bai, hizkuntza-eskubideen edota euskararen normalizazioaren ikuspegitik azken hauteskundeetan lortutako emaitzak ez direla batere onak izan Nafarroan, hain zuzen ere, Estatuan oldartzen ari den diskurtso suntsitzailearen aldekoek irabazi dituztelako hemen hauteskundeak.
Eta, orain, harrotasun hori berori bandera bihurtzen ari dira Nafarroan boterea eskuratzen badute zer egingo duten azaltzeko. Inolako lotsarik gabe esaten ari dira euskaldunok ikusgabe bihurtzeko eta eskubidez gabetzeko neurriak hartuko dituztela.
Hori betiko leloa da. Horrexegatik nahiko nuke injustiziaren, bidegabekeriaren, diskriminazioaren kontra eta gizarte kohesioaren zein berdintasunaren alde daudenek irmotasun bertsua erakustea hizkuntza-eskubideak bermatzeko hartuko dituzten neurriak erabakitzean eta gizarteratzean.
Hartara, bidea zein izan daitekeen zehazten laguntzeko erantzukizunez jokatu nahi dugu honako hauteskunde hauetan ere. Horrela, larunbatean, eguerdiko hamabietan, Erraldoien txokoan gizarte demokratikoagoa eraikitzen lagun dezaketen hamabost neurri zehatz aurkeztuko dugu.
Izan ere, zinez uste dugu bidea zein den zehaztea ez dela arazoa, borondatea eta irmotasuna izatea baizik.