Egin klika, korrika

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2019ko api. 9a, 13:25

Ohiko moduan, hasieratik bertatik emozioak borborka jarri dizkit KORRIKAk. Hunkitu ninduen Garesko hasierak; hunkitu ninduen antolaketan herriko laurehun biztanlek auzolanean jardun zutela entzuteak; hunkitu ninduen duela ia 20 urte hizkuntza-bazterkeriaren ondorioz zendu zen Adrian Martureten ama besarkatzeak; hunkitu ninduten bertan ikusitako irribarreek, bai eta malkoek ere.

Larunbatean ere KORRIKAn ibili nintzen Iruñean zehar. Berriz ere emozioak pil-pilean. Sarasate pasealekuan Gobernua sustengatzen duten lau alderdiek batera hartu zuten lekukoa Parlamentuaren izenean. Eta, hara, legegintzaldian zehar euskararen gaian hainbat oztopo jarri duen Izquierda Ezkerrak txio txundigarria zabaldu zuen horren karira: Euskaraz ikastea, lan egitea eta bizitzea Nafarroako herritar guztion eskubidea da. Egia esan, hori irakurritakoan, burutik pasatutako lehen ideia zerrenda bakarrarena izan zen, baina, tira.

Halere, jar gaitezen aurrera begira. Gogoan izan dezagun klika egitea konpromisoa hartzea dela, zeinek bere erantzukizunetik urratsa egitea. Hartara, klika egitea herritar guztiak berdintasunez hartuko dituen lege bat onartzea da. Txioan jasotakoa egia bihurtzeko urratsa egin bezate, hitzetatik ekintzetara, egin bezate klika … ahal dela korrika!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!