Zin hipokratikoa euren jarduera etikoari lotua medikuek tradizionalki egindako zina da.
Hori horrela izanik, Osasunbideko medikuak antolatzen ari diren greben arrazoietako batek, euskararen ezagutza ez baloratzeko eskatzeak hain zuzen ere, zin horrekin talka egiten duela iruditzen zait.
Asistentzia ahalik eta egokien emateko, osasun-sistema espezialitateka antolatuta dago. Horrela, herritarren behar zehatzei erantzuten diete eremu bakoitzean ikasketa berezituak dituzten profesionalek. Eta, noski, horrexegatik, lan-deialdietan espezialitatekako frogak egiten dira, beti ere herritarrak jasoko duen asistentzia hoberena izan dadin. Hori horrela izateak ez du inoiz grebarik eragin, edota inork ez du adierazi sistema horrek diskriminatzen duenik.
Halere, entzuleok, azken egunotan ikusi dugu, osasun-asistentzia eskaintzen duten zenbaitek diskriminatzailetzat hartzen dutela euskaldunoi zerbitzu duina emateko neurriak hartzea. Are gehiago, salatu egiten dute herritarren eskubideak bermatzeko, profesionalei gaitasun berezitu horiek kontuan hartzea. Ez dakit, benetan, non utzi duten zin hipokratikoa; akaso, hipokritiko besterik ez dute izan nahi, baina nire ustez hipokrita hutsak besterik ez dira.