Ikasi beharrekoa

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2018ko abe. 18a, 13:03

Aurreko astean Europako Kontseiluko Aditu Batzorde bat etorri zen Iruñera Estatuak berretsitako Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren bosgarren ebaluazioaren karira. Esan behar dut bosgarrenez izan dudala aukera Adituei Ituna zein mailatan betetzen den azaltzeko.

Izan ere, gogoan dut Itunaren lehen ebaluaziotik bertatik “harridura” agertu zutela Iruñerrian gertatzen zen fenomenoarekin. Alegia, Nafarroako euskaldun gehienak eremu horretan kokatu arren, euskarak ez du estatus ofizialik.

Oraingoan ere egoerak bere horretan jarraitzen duela adierazi diegu, akaso, are okerrago, Ituna berretsi zenetik hamazazpi urte joan direlako eta aldaketarik egon ez delako.

Europako Ituna derrigorrez bete beharreko dokumentua da. Hierarkikoki Konstituzioaren beraren gainean kokatzen den dokumentua. Hartara, Konstituzioak gaztelania ezagutzeko derrigortasuna ezartzen duela behin eta berriz errepikatzen dutenei, gogoraraziko nieke Itunaren 7.2. artikuluaren arabera gutxiengoen hizkuntzetako hiztunen aldeko neurri bereziak ez direla hartuko indar handiagoko hizkuntzetako hiztunei egindako bereizkeriatzat.

Ea artikulu hori ere behar bezala ikasten duten. Urte berri on, Euskalerria Irratiko entzuleok.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!