Euskaraz bizitzeko tresna ugari garatu du euskararen herriak, eta gaur horietako bat baliatuko dut nire zutabea prestatzeko: Wikipedia.
Izan ere larunbatean Iruñean izango den mobilizazioan, hizkuntza-eskubideen aldeko aldarria egingo dugu, eta irudi gisa, justizia, kohesioa eta berdintasuna izena duten hiru zutabek bat egingo dute Iruñeko Bakearen, alegia, bizikidetzaren plazan.
Eta zer dio wikipediak hitz horietaz?
Justizia: Justizia aro jakin batean komunitate batek oinarritzat hartzen dituen eta guztien ongizatea lortzeko aplikatzen diren printzipioen multzoa da.
Kohesioa: Gizarte bateko kideek hauen artean eta taldearekin lotzen dituzten elementuak dituztenean erdiesten da kohesioa.
Berdintasuna: Hiritarrak legearen aurrean berdinak izatearen printzipioa da berdintasuna.
Hortaz, larunbatean Iruñean bilduko garen herritarrok bizikidetza ahalbidetzen duten gizarte baten zutabeak irudikatuko ditugu. Zatozte zeuok ere, Euskalerria Irratiko entzuleok, zutabe horiek sendotzera.