Seguru nago ikasturte berrirako koadernoa, bolaluma, arkatza, zorrozkailua eta motxila erosi berriak dituzuela. Gogoz egongo zarete erositako tresna horiek guztiak estreinatzeko eta erabiltzeko. Bada, Euskalerria irratiko entzule finok, nik aukera eman nahi dizuet.
Larunbatean Kontseiluak, UEUrekin elkarlanean, Iruñean antolatu dituen jardunaldietara gonbidatu nahi zaituztet. Bertan, hizkuntza-eskubideak bermatzeko lege berria izango dugu hizpide, eta gai horretako hainbat hari-mutur jorratuko ditugu: ikuspegi juridikoa, soziolinguistikoa, balizko lege baten proposamena… Valentziako aditu bat ekarriko dugu haiek zonifikazioa nola bizi duten azaltzeko; hainbat eragilek azalduko digute nola eragin dien egungo markoak, eta Ilintxeta andreak egunean esandakoak trebeki josiko ditu.
Uste dut aukera ezin hobea izango duzuela ikasturte berrirako erosi dituzuen bolaluma, koaderno eta enparauak estreinatzeko. Zatozte!!!