Euskalerria Irratian egin nuen azken kolaborazioaren izenburua Herritarfobia izan zenez, gaurkoan herritarrak ekarri nahi ditut erdigunera.
Izan ere, gaur bertan Iruñeko hotel batean Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2017 urteko txostena aurkeztu du. Txostenaren bidez Behatokiak hizkuntza-eskubideak 2017an zertan izan diren azaltzen du, eta horretarako informazioa herritarrek berek helarazten diote. Hartara, Behatokiaren txostenak herritarren bizipenetan oinarritutako diagnosia eskaintzen du.
Hori ikusita, argazkia batekoa edo bestekoa izanda, ondorioekin bat egin edo bat ez eginda ere, horren guztiaren atzean herritarren bizipenak egoteak balio erantsia ematen dio Behatokiaren argazkiari.
Ikasturte honetako azken kolaborazioa denez, politikariei udan txosten hori irakurtzeko eskaera egin nahi diet. Izan ere, Behatokiko txostenak behin eta berriro gogoraraziko die urraketen atzean herritarrak daudela. Eta, are gehiago, herritarrei euskaraz bizitzeko horrenbeste traba jartzen zaiela ikusita, edota araudia bera urratzailea izan daitekeela ikusita, agian, ikasturte berrian beste jarrera bat izango dute Parlamentuan Euskararen Legea berritzeko batzordean. Hala bedi!!! Eta, entzuleok, izan ezazue oporraldi ederra!!!