Serioegia da

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2018ko mai. 8a, 12:30

Ez nau ustekabean harrapatu ekainaren 2rako antolatu duten manifestazioak. Eta, bai, erabilitako leloa irakurrita, lehen kolpean, irribarrea sortu zitzaidan: Guztion etorkizunaren alde, berdintasunean. Hain zuzen ere, gu erabiltzen ari garenaren antzekoa. Guk lege aldaketa eskatzen dugu herritarren arteko berdintasuna bermatzeko. Akaso, euskaldunik gabeko herritarren arteko berdintasunaz ari dira?

Horretaz gain, antolatzaileen arabera hizkuntza-politika Euroitunaren araberakoa izan behar da. Gauzak horrela Itun horretan biziki maite dudan artikulu bat etorri zait burura: Gutxiengoen hizkuntzetako hiztunen eta gainontzekoen arteko berdintasuna lortzeko neurriak, ez dira indar handiagoko hizkuntzetako hiztunen kaltetan egindako bereizkeriatzat hartuko. Alegia, erabat zilegia bezain demokratikoa da egoera gutxituan dagoen hizkuntzen aldeko neurriak hartzea.

Irribarrea atera zitzaidan, baina jarraian desagertu, izan ere, gai serioegia da txantxetan ibiltzeko. Argi dago hemendik eta hurrengo maiatzera arte makina guztiak martxan jarriko dituztela, eta beharrezkoa ikusten badute bai eta joko zikina eta gezurrak ere. Jarrai dezagun, beraz, benetako berdintasunaren alde lanean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!