Aste honetan Nafarroako Parlamentuak Kontratu Publikoen legea eztabaidatuko du. Lege horrek, besteak beste, Gobernuak kontratatzen dituen enpresei begirako betebeharrak ezartzen ditu. Proposamenean, modu apalean bada ere, euskararen irizpidea ere badago sartuta: herritarrekiko zerbitzua eskaintzen duten enpresek euskara plana izan beharko dute. Modu apalean, bai, baina aurrerapausoa zalantzarik gabe.
Eta, beste behin kezkatu egin nau azken hilabeteotan hizkuntza-politika horrenbeste baldintzatzen ari den Ezkerra kolazioaren jarrerak. Izan ere, aurrerapausotzat har zitekeenari jarraian kendu nahi izan dio balioa, eta enpresei gogorarazi die nahikoa dutela Hizkuntza Eskolako webgunearen helbidea jartzearekin hori betetzeko.
Egokia irudituko al litzaieke enpresek langileen eskubideen aurka egiten ez dutela egiaztatzeko nahikoa izatea eskubideen dekalogoa webgunean jartzearekin?
Tira… Nafarroan Ezkerrak enpresariei herritarren eskubideak bermatzeko betebeharrak nola saihestu erakusten die. Beste behin, euskararen aldeko edozein neurri gutxiestea helburu.