Denbora aurrera doa

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2018ko ots. 13a, 13:22

Irratian egindako azken kolaboraziotik, san Ferminetako eskilararen
bigarren urratsa igo, santa Agedari koplak kantatu, eta inauteriak
gozatu ditugu. Egia esan, konturatu gabe egiten du denborak aurrera.
Eta akaso denbora horren arin pasatzeak perspektiba lausotzen du.
Izan ere, egunotan gogoratu naiz Nafarroako Parlamentuak 2017ko
urriaren 27ko Osoko Bilkuran onartu zuela Euskararen Lege Berri bat
jorratzeko Batzorde Berezi baten sorrera. Aipatu Batzordeak sei
hilabeteren buruan zonifikazioa gainditu eta euskarari Nafarroa osoan
ofizialtasuna aitortuko dion Euskararen Foru Lege berri baten
proposamena aurkeztu beharra zuen.
Badakigu, bai, batzorde horren sorrera nahiko bitxia izan zela.
Batetik, Ezkerrak, beste behin, itxi nahi izan zizkion ateak eztabaidari.
Zein bitxia!!!Ezkerreko alderdi batek eztabaidari ateak ixteko
erabiltzea bere bozkak. Bestetik, UPNko parlamentario batek kale
egin zuen eta, beraz, Ezkerrak ezin izan zuen haien bi bozkekin
eztabaida baldintzatu. Eta, bai, txiripaz sortu zen batzordea, baina
sortu egin zen. Entzuleek buruan izango dute parlamentarioren bat
egon ez izanak, beste inoiz, euskararen aldeko erabaki bat bertan
behera utzi zuela. Hortaz, txiripaz bada ere, edo txiripaz sortu zelako,
zenbat eta lehenago hasi lanean, hobeto, badaezpada ere.
Laster aste santua, udaberria, uda, san Ferminak… Ekin diezaiotela
eztabaidari, batzorde horren osaerari, izan ere, denbora aurrera doa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!