Nekatuta, akituta, abailduta, gogaituta

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2017ko urr. 10a, 13:13

Bai, aitortzen dut. Nekatuta, akituta, abailduta eta, zergatik ez, gogaituta naukate Nafarroako Parlamentuko eztabaida batzuek. Hain zuzen ere, ezkerreko alderdiek eskumarekin batera herritarren eskubideen kontra jotzen dutenean.

Ezkerra beti kokatu izan da diskriminazioa pairatzen dutenen alde. Ezkerrak beti jo izan du herritarren berdintasunaren alde. Ezkerrak beti aldarrikatu izan du gizarte-ongizatea, alegia, botere publikoek oinarrizko eskubideei arreta jartzea ez ezik, horiek bermatzea ere helburu duten politikak abian jarri beharra. Nafarroan, aldiz, ez.

Nafarroan euskal-elebiduna zigortu egiten da eta euskaldun-elebidunari lan-aukerak ixten zaizkio, hain zuzen ere, berezko hizkuntza ezagutzeagatik. Urteetan UPNk hori egiten zuenean, ez nintzen harritzen, argi bainuen haien helburua euskaldunak zigortzea zela, bai eta euskara bera desagerraraztea ere. Horrexegatik, hain zuzen ere, ulertezina egiten zait ezkerreko alderdiak hizkuntza-eskubideen gaian eskumarekin batera agertzea.

Zerbaitek krak egiten du Nafarroako ezkerrean, eskumak eskubideen inguruan egiten duen irakurketa partekatzera iritsi bada. Hortaz, nola, bada, ez naiz egongo nekatuta, akituta, abailduta, gogaituta!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!