Euskaldunon ortzadarra

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2017ko eka. 13a, 12:50

Aurreko ostegunean irudi ikaragarri politak izan ziren Nafarroako Parlamentuan. Ortzadarraren bandera lau haizetara ibili zuten saioa zuzenean jarraitzen ari ziren eragileek nahiz herritarrek, izan ere, egun horretako osoko bilkuran, lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen berdintasun sozialeko foru legea onetsi zuten.

Legearen xedea da printzipioak, baliabideak eta neurriak ezartzea eta arautzea, LGTBI+ pertsonen eskubideak eta benetako berdintasun gauzatua erabat bermatzeko. Arau berriak tresnak ahalbidetuko ditu benetako babesa bermatuz, berdintasunerako, ikusgarritasunerako eta diskriminaziorik ezarako eskubidea urratzera eraman dezaketen egoeren aurrean.

Urrats handia pertsonen arteko berdintasuna bermatzeko, urrats handia lehen eta bigarren arteko herritarren arteko bereizkeriarekin amaitzeko. Eta, garrantzitsuena, Nafarroa osoko herritarrei eragingo die, alegia, lege berriak ez du zonifikaziorik sortuko LGTBI+ pertsonen artean bizi diren herriaren edo eremuaren arabera.

Zorionak, noski, LGTBI+ mugimenduari. Eta, legeak aurrera egitea ahalbidetu duten alderdiei galdera bat: LGTBI+ komunitatearekin egindako lan hori ikusita, nola ulertu behar dugu euskaldunon oinarrizko eskubideen aitortzan zonifikazioa mantentzea? Sor dezagun, euskaldunontzako benetako ortzadarra herritar guztiei eskubide berdinak aitortuz.

Eta, entzule maiteak, ikasturteko azken kolaborazioa denez, gaizki esanak barkatu eta ongi esanak gogoan hartu (edo ez, zeuok ikusi). Plazera izan da hamabostero zuekin bat egin ahal izatea. Uda ona izan!!!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!