Zutik langileria

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2017ko mai. 2a, 12:33

Atzo, munduko ehunka plazatan Internazionala delako abestia entzun zen hamaika hizkuntzatan. Euskal Herrian ere entzun genituen Gabriel Arestik moldatutako hitzak.

Zutik lurrean kondenatu, zaren langile tristea esaldiarekin hasten da Internazionalaren euskarazko bertsioa, eta, bai, egun oraindik milaka eta milaka langile gaztelaniaz edo frantsesez lan egitera kondenatzen ditu sistema.

Gertatuak ez du ardura, jende esklabua jaiki zioen Arestiren moldaketak. Alta, bada garaia, euskal langileria altxatu eta dagokiena aldarrikatzeko. Lantokietan euskaraz lan egitea oinarrizko eskubidea dela adierazteko, eta, ondorioz, eskubide hori berma dadin nahitaezko neurriak harraraztea exijitzeko.

Aldaketak datoz mundura, nor den herriak badaki. Mundua aldaketa iraunkorra da. Une oro ari gara aldaketan. Nafarroara ere aldaketa etorri da, eta herriak badaki hori. Halere, euskaldunon eskubideei dagokienez, egiazko aldaketaren zain gaude, bai eta horren alde lanean ere.

Internazionala herriaren adin esaldia dugu amaieran. Duela zenbait hamarkada gogoratzen dut “gizonaren adin” kantatzen zela. Ondoren, “pertsonaren adin”, eta gaur zenbaitek “herriaren adin” esaten dute. Nik hirugarren hori kantatuko dut. Finean, oinarrizko eskubideak indibidualak eta kolektiboak dira, eta mundu justuago baten alde bagaude, eskubideen dimentsio kolektiboa ezin dugu ahaztu, are gutxiago, gurea bezalako hizkuntza-komunitate gutxiagotu batean.

Kanta dezagun, bada, gizarte justuago baten alde, oreka sozialaren alde, eskubide sozialen alde gaudela, finean, gure hizkuntzan bizitzearen aldeko hautua horren guztiaren alde egitea delako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!