Atzo amaitu zen Funtzio Publikoaren Mahaian sindikatuetako ordezkariekin administrazioan euskararen erabileraren Foru Dekretuaren proiektuaren inguruko negoziazio-prozesua.
Aipatu bileran, nagusiki, Dekretuak langile publikoen egoeran zer-nola eragingo duen aztertu zuten, besteak beste, zein eragin izango duen haien lanpostu-mugikortasunean, etab; beti ere kontuan hartuta Dekretuak ez duela ekarriko inork lanpostua galtzea edo gutxiago kobratzea, ez, horixe.
Nafarroako sindikatu bat negoziazio-mahaitik altxatu zen, haien arabera, Gobernuaren eskaera berrien ondorioz, langile batzuek aukera gutxiago izango dutelako lekualdaketa-lehiaketetan parte hartzeko edota beste toki batzuetara mugitzeko. Nago, beste gai batzuk hizpide dituztenean, murrizketak esaterako, sindikatuok orduan bai mahai gaineratzen dutela herritarrei zerbitzu egokiak, oinarrizko eskubideak eman behar zaiela. Halere, herritarren hizkuntza-eskubideez ari garenean, inork gutxi izaten ditu buruan horiek bermatzeko ere aldaketak egin behar direla.
Tira… Ez nuen bestelakorik espero. Halere, bai espero dut Gobernuak Dekretu horren eragina bereziki pairatuko dutenekin mahai baten bueltan jartzea haien iritzia jasotzeko. Behin eta berriro haien eskubideak urratuta dituzten euskaldunen iritzia ere jaso beharko da. Eta, seguru nago, horiek ez direla mahaitik altxatuko haien eskubideak bermatzeko irtenbidea aurkitu arte.