Aurreko larunbatean, irismen itzela duen euskarazko egunkari nazionalak azalean lerroburu deigarria jaso zuen: Zonifikazioaren harria: Laukoaren erronka eta bideko traba. Lerroburu horrek lehen hausnarketatxo bat sorrarazi zidan: Laurentzat erronka bada, zergatik desadostasunen kaxan sartu lehen negoziazioetan?
Kazetaren lehen bi orrialdeetan Gobernua sustengatzen duten lau alderdietako ordezkarien hitzak bildu ditu kazetariak: Eledunetako batek dio ados dagoela ofizialtasunarekin, jarrera orokor gisa hartuta. Bigarrena zonifikazioa gainditzearen alde agertzen da. Hirugarren eledunak dio ofizialtasuna aldarrikatu daitekeela, bai, baina ezin dela kontua hor utzi; hau da, zehaztu beharko dela nola gauzatzen den. Azkenik, laugarren eledunak ezinbestekotzat jotzen du euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan bermatuko duen lege berri bat adostea.
Badakit baten batek irakurketa interesatua egiten ari naizela leporatuko didala, baina benetan diot eledunen adierazpenetan oinarrituta, ez dudala ulertzen zein arazo dagoen lau alderdi horiek Parlamentuan dituzten hogeita sei botoak zonifikazioa gainditzeko erabil ditzaten. Gerora, eztabaidatuko ditugu eztabaidatu beharrekoak, baina lehen urratsa egin ezazue, arren, zonifikazioa ezabatuko duen marko juridikoaren alde egin.