Ingelesa etorkizuna da, diskriminaziorik ez

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2017ko ots. 7a, 12:57

Erriberako hainbat postontzitan D ereduaren kontrako eskuorriak zabaldu dituzte. Bi, lerroburu agertzen dute aipatu eskuorriek: Ingelesa etorkizuna da eta Diskriminaziorik ez.

Honez gero, nekatuta nago ingelesaren balizko etorkizun balorearekin. Horrenbestetan esan digute eta horrenbestetan errepikatu dugu lelo hori, ezen azkenean, egia bihurtzeko zorian dagoen. Ingelesa jakin ezean, herritartasuna galduko duzula dirudi, munduko herritar izateari utziko diozula hain zuzen ere. Halere, askotan, guk geuk elikatu dugu diskurtso hori. Izan ere, inoiz ez dut ulertu zergatik baloratu behar den administrazio publikoko lanpostuetan ingelesaren ezagutza, eta halaxe egiten da.

Diskriminaziorik ez diote behin eta berriro, eta lelo hori justifikatzeko euskara Nafarroako eremu horretan ofiziala ez dela gogorarazten digute, eta, beraz, euskararen aldeko edozein neurri diskriminatzailea da. Egia da, bai, euskara Nafarroa osoan ofiziala ez izateak halako diskurtsoak indartzen dituela, eta beraz, erraza da diskurtso hori neutralizatzea, euskarari Nafarroa osoan estatus ofiziala esleituz. Halere gogoratu beharko dute eremu horretan euskara berezko hizkuntza badela, ingelesa ez bezala.

Dena dela, eskuorrietan deigarriena PISAko ebaluazioari dagokionez, EAEko emaitzetan azpimarra jartzea izan da, eta, ez, ordea, Nafarroakoetan. Nafarroako PISAko emaitzek zer hobetu badagoela erakusten dute, bai, baina diziplinaren arabera aldatu egiten dira ereduen emaitzak, eta matematiketan, esaterako, D ereduko ikasleek emaitza hobeak dituzte. Datuen anabasan galdu ei dute datu hori.

Eta, entzuleek jakin bezate, hizkuntzak ezagutzearen alde nago, neu ere eleaniztuna naiz eta hizkuntzak jakiteak mundua ikusteko ikuspegi desberdinak eskaintzen dituelakoan nago. Horrexegatik, ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen ikasteredu orokortuaren alde nago, horretan ere etorkizuna ingelesez ere badatorrelako eta diskriminaziorik eragiten ez duelako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!