Azken urtean bolo-bolo ibili da Iruñeko haur eskolen afera, eta tira…, neure minutua ere horri buruzko gogoetatxoa egiteko baliatu nahiko nuke.
Ez naiz hasiko, inondik inora ez, datuen bueltan katramilatzen. Ez ditut gogoraraziko udalak berak egin zuen inkestaren emaitzak. Ez dut hona ekarriko euskalgintzak azken urtean egindako lan ikaragarria. Ez ditut ahaztu nahi, ez, euskarazko matrikulazioa sustatzeko eta euskarazko haur eskolen eskaintza handitzeko egindako kanpaina, antolatutako giza-kateak, jaiak… Ez dut ahaztuko poztasun handiz hartu genuela Iruñeko Udalak euskarazko haur eskolen eskaintza handitzeko erabakia.
Eta, norbaitek pentsa lezake. Hain elementu baikorrak deskribatzeko, zergatik erabiltzen ote ditu Paulek ezezko esaldiak? Tira… Ez dudalako ulertzen, zergatik ez duen Nafarroako Gobernuak urratsik egiten Iruñean kudeatzen dituen haur eskoletan euskarazko eskaintza ahalbidetzeko. Ezezko aroa, ezezko garaia, gaindituta zegoela uste nuen, eta aldaketaren Nafarroa baiezkotasunetik, baikortasunetik eraiki behar dela sinetsita nago. Hartara, berandu baino lehen, baiezkotasun horretan oinarrituz, eskain ditzala, albait arinen, Nafarroako Gobernuak euskarazko haur eskolak!!!