Irizpidedunak

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2017ko urt. 10a, 12:23

Joan dira, bai Gabonak. Urtero esaten diot neure buruari ospatuko ez ditudala, baina azkenean, nahi ez izanda ere, Gabon-kanten, Olentzeroren eta enparauen zurrunbiloan sartzen naiz. Urtero, berresten dut, erregeak ospatuko ez ditudala. Tira… Hor ere ez naiz zintzoa, uko ez baitiot egiten urtarrilaren 6ko errege-opilari.

Eta, Gabonen ostean merkealdiak. Hori ere erritu bihurtu da gure gizartean, nahiz eta azken boladan tradizio horrekin ere amaitu nahi duten eta urte osoa merkealdi garai bihurtu.

Handik eta hemendik esaten zaigu merkealdietan tentuz jokatzeko, handik eta hemendik gomendatzen digute merkealdietan irizpidedunak izateko.

Bai, kontsumo-eredu berriak heldu dira gurera. Gero eta garrantzi handiagoa ematen diogu bertakoari, gertukoari, komunitateari… Selektiboak, irizpidedunak gara. Eta ez diot nire buruari iruzurrik egingo, abenduaren hasieran Gabonak ospatuko ez nituela esan bezala, gaur merkealdietan ezer erosiko ez dudala esango badut ere, badakit ez dela egia. Halere, kontsumo-eredu berri horri jarraiki nik euskaraz kontsumituko dut, nire ustez euskara kalitatezko zerbitzu eta kontsumoaren ikur baita. Izan gaitezen, kontsumitzaile irizpidedunak!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!