Hirutan hamar

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2016ko abe. 13a, 14:53

Gaurko egunotan zenbaki bat dabilkit buruan, hogeita hamar, edo hobeki esanda, hirutan hamar. Izan ere, hogeita hamar urte beteko dira ostegunean Nafarroa hirutan banatu zutela. Hogeita hamar urte dira Nafarroan herritarren eskubideak bereizteko harresia eraiki zutela. Hogeita hamar urte agintariei herritarren eskubideez arautzeko ematen zaien eskumen hori baliatuta, inolako lotsarik gabe, lehen eta bigarren mailako herritarrak bereizteko harresia eraiki zutela.

Egia da, bai, hirutan banatzeko eraiki zuten harresia ikusezina dela, ez dago porlanez edo adreiluz eraikia, ukituz gero ez du kalanbrerik ematen. Halere, ezaugarri horiek ez izanagatik, harresia izateari eusten dio. Izan ere, eskuairaz eta kartaboiz marraztutako harresiak eragina izaten jarraitzen du, eta euskarak zein euskaldunok ikusgabe izaten jarraitzen dute.

Elkarbizitzaren, oreka sozialaren eta justiziaren aroan gaudela esaten diguten honetan harresi hori erausteko asmorik ez dutela dirudi, eta harriduraz eta kezkaz hartzen dut jarrera hori. Tira, herritarrok hasi beharko dugu beraz pikatxoia eta pala hartuta hirutan banatzen gaituena botatzen eta kantak dioen bezala: Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan, ikusiko dek nola-nola, laster eroriko dan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!