Egun hauetan urte zaharrari agurra eta berriari ongi etorria eman diogu. Urtea hasterakoan datorren urterako norbanakoen proposamen ekaitza, baina 2023. urtean langileontzako zer berri? Zaharrak berri.
Patronalak diru-gosez jarraituko du eta langileok, pobretze prozesu iraunkor honetan, KPIari lotutako soldaten igoerak lortzeko irmoki borrokan jarraitu beharko dugu. Adinekoen egoitzetako eta kirol kudeaketako langileen atzetik beste asko etorriko direlakoan nago.
Pentsioetan murrizketa berrien zalaparta izango dugu berriz eta suposa dezakegu zerbitzu publikoen egoerak ez duela hobera egingo.
Langileak lanean, migranteak itsasoan, eta emakumeak gizonen eskuetan berriro erailak izango dira.
Argindarra, gasa eta elikagaien prezioak ez dira jeitsiko, eta langileon prekarizazioa areagotuko da.
Finean, urte berri honetan kapitalak berea egiten jarraituko du eta, hortaz, kontsumoak eskaintzen digun norbanakoen sinplekeritan galdu beharrean, 2023 urteari benetako ongi etorria emateko, batu gaitezen langile guztiok eta kolektibiza ditzagun gu guztion borrokak. Hori izango baita eman diezaiokegun ongi etorririk beroena. Orain bai: Urte berri eta gorri on!