Askotan entzun da lorpen sozialak soilik borrokaren bitartez lor daitezkeela. Aste hauetan horren adibide ezin hobeak izan ditugu.
Batetik, Metaleko Hitzarmenaren akordioa iragarri dute, non langileon aktibazio eta mobilizazio eza izan den nagusi. Langileon soldatak prezioak bezain beste igotzen ez dituen akordioa sinatu da.
Bestetik, Estatu frantseseko langileek, erregaien eskasiaren garaian, petrolio-findegiak blokatu eta kaleak hartu dituzte haien soldatak defendatzeko.
Aste berean Nafarroan argi izpi bat ikusi da ere. Garbiketako hitzarmenaren negoziazioaren harira, ekintza zuzena borroka molde gisa erabili zuten sindikalistak zigorgabetuak izan dira. Epaileak kamioi bat blokatu eta errepidea moztea delitua ez dela esan du.
Dirudunak dirudunago eta langileak txiroago bihurtzeko kapitalismoaren ofentsiba berri honen aurrean, langileok aukeratu beharko dugu: beldurraren diskurtsoa barneratuz haien etorkizun beltza asumitu edo sortzen dugun aberastasuna gure mesedeetarako izan dadin borrokatu.
Lehiatu beharreko ziklo honetan, desobedientzia eta ekintza zuzena berreskuratu beharko ditugulakoan nago. Azkarrak izan gaitezen eta langileon alde erabil ditzagun!