Denbora luzean hedabidetan pandemia, eskasia, kolapso eta gerraren inguruko bonbardaketa jaso ondoren, "krisi berria", funtsean, sistema kapitalistaren berrantolaketarako buelta berria, Nafarroan lurrartzen ari dira. Honetan, kanpaiak uxaka jotzen ari dira Gamesa eta VWn enplegu murrizketekin mehatxatuz. Laster beste asko etor daitezke. Baina bonbo eta platertxoz iragarritako zenbakiak ez gaitzatela despistatu, kaleratzeak askoz gehiago izan litezke. Kapitalak, langile klasearen zatiketa helburuz, bultzatu duen lan munduko egungo ereduan, albisteetan ahazten diren lanpostu ikusezin asko daude, enpresa berdinean baina azpikontratatutako beste enpresetakoak. Garbitzaileak, jantokiko langileak, banatzaileak edota ABLEen bitartez dauden langileen lan postuak, halakoetan ere, arriskuan daude. Hau horrela, eta aspalditik iragarri diguten krisi ziklo berriaren aurrean, funtsezkoa dugu langile klasea zutik jarriko duen borroka ziklo bat antolatzea. Eta gaurdanik aukera paregabeak ditugu gure borrokarako tresnak eguneratzen hasteko: lan zentro batean dauden langile guztiak, uniformearen kolorea edozein dutela ere, kapitalaren erasoen aurrean batu eta elkarrekin antolatu. Soilik horrela lortu ahalko dugu kanpaien doinua beharrean, langile klasearen gerra danborrak entzun daitezen!