Ikasturte bukaera gainean dugun honetan, umeek azken hilabeteetan zehar zer ikasi duten ikusi eta gozatzeko garaia iritsi zaie familiei. Nire herriko musika eskolako kontzertua entzuten ari nintzela egin nuen gogoeta: puskaz gehiago ziren bertan neskak, eta gogora etorri zitzaidan antzerki ikastaroko azken ikuskizunean ere hala izan zela. Sakanan egiten den Maria Markotegi umeendako literatur lehiaketan, halaber, neskak izan dira saritutako gehienak. Neskak dantza, musika, antzerki eta literaturan. Ez dakit urtean argitaratzen diren diska eta liburuen artean, adibidez, zenbat diren gizonezko edo emakumezkoenak, baina susmoa dut proportzioa ez dela ikasturte bukaeran ikusten den hori bera. Eta ez ninduke harrituko proportzioa erabat iraultzen dela jakiteak ere. Umetan gehiago izanda, zer gertatzen da ondoren? Horra hor ikergai interesgarria.