Konturatzerako, ikasturte xelebre honen bukaeran gaude, eta aise gainditu dugu irailean genuen itxaropena, agerraldi eta konfinamendu jakin batzuk gorabehera, aurrez aurreko irakaskuntzari eutsi ahal izan diogu. Neurriak ez dira inoren gustukoak izan, hotza pasatu dugu, kasu batzuetan atseden ordua murriztu behar izan da, ezin izan ditugu ikasleak elkartu edo hainbat jarduera egin eta abar. Eskatu dizkiguten osasun neurri guztiak betez iritsi gara ikasturte bukaerara. Eta orain, alarma egoera bertan behera gelditu eta neurri guztiak laxatzen ari direnean, hara non jaso dugun ikastetxeetan Hezkuntza Departamentuaren zirkularra: ez dezagun ikasturte bukaerako agurrik antolatu edo sustatu. Datorren astean, Nafarroako beste ikasle askorekin elkartuko dira Batxilergoko 2. mailako ikasleak, 3 egunez hainbat orduz Unibertsitatean sartzeko probetan, baina guri agurrik ez egiteko gomendioa egin digute, aire librean eta “benetako” distantziari eutsiz bada ere. Hilabeteetan zehar ardura eta zuhurtzia erakutsi badugu, zertara dator orain hau? Ardura eta zuhurtzia berberaz antola ditzakegu agur ekitaldiak, ikasleek merezi dute. Aukera hori kenduko diegu? Hobe da edozein elkarte edo jatetxetan agurra ospatzera biltzea? Tira, hori ez die inork galaraziko...