Kirolarien poza eta haserre adierazpenak ikustera ohituta gaude, ez zaizkigu arrotz, maiz, horietako batzuk oso egokiak ez izan arren. Aldiz, hunkidura eta negarra agertzen dutenean, deigarri egiten zaigu, ez gaude horrelako emozioak jendaurrean azaltzen ikustera ohituta. Areago kirolaria gizonezkoa bada. Horregatik, agian, igandean batzuek zalantza egin zuten mikroan hizketan ari zena pilotari txapelduna ote zen, negarrari eutsi gabe elkar besarkatzen zuten horiek ote ziren txapeldunak. Zabaleta eta Elezkano, bai, txapeldunak, hunkituta, poza negarraren bidez ere adieraz daitekeela erakutsita. Poztu nintzen, horrelako ereduek ume eta gazte kirolariak —mutilak, zehazki- libreago izan daitezen laguntzen baitute. Txapeldunek ere negar egiten dute. Zorionak.