Iaz, 45 urte beteak zapaldu nituen, lehen aldiz, Euskal Herriko tontor aski ezagun batzuk, haien artean, —apur bat lotsatzen nau aitortzeak— bizitza guztian zehar leihotik ikusi dudan bat. Aurretik egonda nintzen Pirinioetan, Dolomita edo Mendi harritsuetan, ez, ordea, etxe ondokoan. Zuek ere ezagutuko duzue Saharan egon eta Bardeak ikusi gabe dituenik, ala? Mesede hori egin digu pandemiak, ezin urruti joan eta ingurua hobeki ezagutzera bultzatu gaitu. Kexu entzun ditut batzuk aste santuan Nafarrotik ezin atera egongo garelako. Ulertzen ditut, nik ere badut, esaterako, itsaso usaina aditzeko gogoa; baina iazko oporrak balkoian eguzkitakoa eta hamaka jarrita pasa nituela oroitzen dudan bakoitzean, bikaina ere iruditzen zait aurtengo aukera. Hurbilekoaz gozatzeko aukera dugu, eta gaitzerdi!
Opor onak pasa!