Egunotan, duela urtebeteko egoeraren ingurukoak dira elkarrizketa asko, nola bizi izan genuen, zein beldur, zein itxaropenez; komunikabideetan ere asko izaten ari dira erreportaje, iritzi eta analisiak, nola eragin dion honek guztiak gure osasun emozionalari, gure poltsikoei. Ez da harritzekoa, bizitza hankaz gora jarri baitzitzaigun guztioi inoiz ez bezala, jende guztiarekin batzen gaituen gaia da. Gogoan dut uste zabaldua zela krisi honen ondoren mundua, gizartea ez zela berdina izango, hobeak egingo gintuela, elkartasun handiagoa izango genuela, benetan axola duenari erreparatuko geniola. Baina urtebete ondoren nekatuta eta frustratuta gaude, eta aurreko egoerara itzuliko ginateke itsu-itsuan. Duela urtebeteko txaloen ifrentzuan, azken urtean osasun langileek jasandako erasoak % 16 igo direla irakurri nuen aurrekoan. Gizartea ez da berdina izango, ziur, bakarrik espero dut askoz okerragoa ez bilakatzea.