Martxoak 8. Jantzi bezain pronto bilatu du esku morea duen pina, eta jertsean lotu du, ikusgarri. Kezka dauka eskolan ezer berezirik egingo ote duten gaurkoan, edukiak baztertu eta gaiari helduko ote dioten. Analisi sintaktikoak baino garrantzitsuagoa dela iruditzen zaio. Ispiluaren aurrean hizketan aurkitu du amak. Erantzuna prestatzen ari omen da. Erantzuna? Bai, mutilen batek gizonen eguna noiz ospatuko ote den galdetzen duenerako erantzuna. Amak lagundu nahi izan dio. Ez da erraza. Mutil nerabe batzuek erasotzat hartzen dituzte Emakumearen eguneko aldarrikapenak, feminismoa, orohar. “Neskak oso gora joan dira”, 10 urteko ume baten hitzak adibide. Irudipena dut ez dugula oraindik erabat asmatu gure konplize izan behar dutela ulertarazten, gizarte parekidea guztiontzat dela mesedegarria, gizarte parekide batek eurei egotzi zaizkien rolak ere deuseztatuko lituzkeela, haiek ere askeago egingo lituzkeela, harreman osasungarriagoak eduki eta noizbait zaintza lanaz gozatuko luketela. Feminismoa eta M8a beharrezkoak direla, eta gizarte osoak hartu behar duela parte. Sistema arrakalatzeko haiek gure alde behar ditugula.