Ezustean harrapatu ninduen deiak ostegun arratsaldean, txantxetan ari zitzaizkidala ere pentsatu nuen une batez! Baina ez zen txantxa, ez; larunbatean Refenan jarri zituzten 1.063 txertoen dosietako bat nik jaso nuen. Eragin dezakeen ondoezari aurre hartzeko parazetamola hartuta joan nintzen hitzordura, eta lotara joateko ere hartu nuen beste bat, zer gerta ere. Gurean, ama beti izan da botiken albo eraginen beldur, ahalik eta gutxien, hobeki. Nik bestela ikusten dut, ezinbestekoak baino ez, ados, baina beharrezkoak direnei ez diet muzin egingo. Inguruan izan dut txertoa hartzeari buruz mesfidantzaz hitz egin duenik, zigarroa esku batean eta garagardoa bestean albo eraginak zein diren jakin arte ez duela berak jarriko; alkitrana eta alkoholaren kalteak zein diren jakingo du honek, bada! Inkoherentziaz beteta gaudela ez didazue ukatuko. Nik zientziaren aurrerapenen alde egingo dut, beti, bizi itxaropena duela mende bat zenaren bikoitza izatea horri zor diogu. Gurean lehen koronabirus kasuak agertu eta urtebetera horren kontrako txertoa jaso ahal izatea ez da miraria, zientzia da.