Ikasleak “Beldur gehiago daukagu” idatzi du eta irakasleak “Nola neurtzen da beldurra?” idatzi dio ondoan ohar batean. Gero ohartu da gramatikaz haratago doan galderaren sakonaz. Nola neurtzen den beldurra. Neurri ohikoak dira iluntasunean egiten diren metroak, kalean iragan beharreko izotz gauen tenperatura edota hilabete bukaera arte iraun behar duen kopurua. Betiko beldurren neurketak eta neurketa berriak: handituz doazen arrakalen sakonerak, 2 metroko distantziak, maite dituzunetatik urrun pasa beharreko denbora, 14 eguneko intzidentzia-tasak, negozioa ez hondoratzeko laguntzen kalkulua, positibotasunaren ehunekoak, olatu berrien altuera, isolamenduaren dentsitatea. Ohiko egin zaizkigun beldurraren neurri berriak. Beldur handiak.