Hauts batzuk harrotu ditu “Biba zuek” saioan Pello Reparaz musikariari ingelesez sor zezala proposatu izanak. Eta proposamena, izan, ez da hain eroa ere, Reparazen Vendettak erdaraz ere sortu baitzuen. Dena den, ez dakit gaztelaniaz sortzen duen musikariei horrelako proposamenik egiten ote zaien, ezetz esango nuke. Gure normalizazio faltaren beste adibide bat, zalantzarik gabe. Euskaraz sortzeak, hizkuntza txiki batean sortzeak ateak ixten dituela dirudi; guztiak ez gara Berri txarrak. Baina hizkuntza txiki batean sortzeak abantailak ere baditu, nire ustez; sormen lan bat, ona izanda ere, hondoratuta gera daiteke gaztelaniaz edo ingelesez sortutakoen itsasoan, eta, euskaraz, iritsiko da sikiera multzo baten belarri-begietara. Sortzaileak hori baitu helburu, ezta? Jendearengana iristea. Reparazek bazuen beste zerbait buruan, ordea, ”denek hori egingo bagenu..” erantzun zuen. Erantzunak Korrikaren irteera batean Urepelen irakurritako lelo bat ekarri zidan gogora: Gutariko bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake, euskarak gu baizik ez gaitu.