2020a bazter uzteko gogoz zebilen jendea, 2021a, berez eta izatez, egoera aldatzeko gai izango balitz bezala. Jada gutxik sinesten dugu jainkoarengan, eta horregatik urte berriari egiten diogu otoitz, urte berriari eskatzen diogu makurrak zuzen ditzan. Eta esnatu gintuen urtarrilak, hilbeltzak, emakume baten hilketaren berriarekin. Errege egunaren bezpera argiago etorri zen, Open Arms itsasontziak 265 pertsona onik utzi baitzituen lurrean. Errege egunean zur eta lur ikusi genuen Trumpzaleak Kapitolioan nola sartzen ziren. Errefuxiatuak aterperik gabe ikusi ditugu Bosniako elurretan. Covid 19a, oldarkorrago, ingelesez hasi zaigu hizketan. Azken horren aurka egiteko txertoa badaukagu, baina argi dago gurekin luzeen daramatzaten birusek hor jarraitzen dutela. Gure herriko apaizak esan zigun behin, “ ez gero jaungoikoari miraritxorik eskatu!”. Urte berriari ere ezin miraririk eskatu, beraz, animo! Ezinbestean, aurten ere gure apurra ematen jarraitu beharko baitugu inguratzen gaituzten askotariko pandemien aurka.