BIDEAN BAT GARA

Erabiltzailearen aurpegia Bakartxo Ruiz

Zoritxarrez, gero eta gehiago ari dira gu guztion eskubideak auzitan jartzen, baita gure hizkuntza eskubideak ere. Horregatik, euskararen kontrako oldarraldia ageriago den honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da bat egitea. Gozatzeko, ospatzeko, protesta edo aldarrikapenak egiteko... Edozein aukera baliatu behar dugu euskaldunon eta euskaltzaleon komunitatea kohesionatzeko.

Nondik gatozen edo umeak ikastolan edo D eredu publikoan ditugun... niri ez dit axola. Nora goazen, nolako etorkizuna nahi dugun gure herriarentzat eta gure hizkuntzarentzat, horrek inporta dit. Euskarak denok behar gaituelako. Horixe izan zen atzoko Nafarroa Oinezen azpimarratu zen ideia nagusia, Bidean bat gara leloari jarraiki.

Orain dela 60 urte baino gehiago ikastolek irekitako bidea zabaldu egin da, zorionez. Bidelagun gehiago ditugu hezkuntza arloan, helduen euskalduntze-alfabetatzean eta euskalgintzan, oro har. Eta bide hori zabaltzen jarraitu beharko dugu aurrerantzean ere, Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna eta euskaraz bizitzea lortuko badugu. Horregatik ez dut ulertzen, eta ez dut ulertu nahi, balizko euskaltzaletasunetik ere, inork zalantzan jartzea guztiok garela ezinbestekoak. Bat egin dezagun.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!