Garai zailak hezkuntza munduan. Demografia tasa jaistearen ondorioz, eskaintza eskaria baino handiagoa omen da. Merkatuaren logika.
Harreman komertzial hutsa bailitzan, Gimenoren Hezkuntza Departamentuak 7 ikastolatan itxi nahi ditu gelak. Batzuetan, ez direlako legez inposatutako ratiora heldu eta, beste batzuetan, Lizarran, kasu, hainbat familiari ukatu egingo zaielako seme-alabak ikastolan matrikulatzea, hala nahi badute ere. Lodosan, Haur Hezkuntzako kontzertu bakarra ukatzeak arrisku bizian jarriko du ikastolaren bideragarritasuna.
Kontseilariak, administraziopeko eskola publikoa lehenesteko aitzakiaz, matrikulazioa borroka zelai bilakatu nahi du. Eta, bide batez, D eredukoen artean ere mokoka aritzea lortzen badu, hobeto. Divide et impera.
Euskararen alde eta euskaraz herria josten dugun guztiok gara beharrezkoak Nafarroa euskalduntzen jarraitzeko, eta horretarako baldintza duinak behar ditugu. Ez al da garaia aukera baliatzeko eta benetako kalitatezko hezkuntzaren alde ratioen jaitsiera egiteko?
Lodosako adierazpena sinatu dute hamarnaka pertsonak eta eragilek. Erabaki politiko bidegabeen aurrean, erantzun bateratuak. Denok gaude lubaki berean.