Euskara gara

Erabiltzailearen aurpegia Bakartxo Ruiz 2026ko martxoaren 24a

Ez dakit zuei ere gertatzen zaizuen, baina Korrikak oso hunkitzen nau. Egia da negar errazekoa naizela, baina Korrikako irudiak zuzenean ikusteak zirrara berezia sortzen dit. Zer esanik ez bertatik bertara bizitzeak. Korrikak badauka zerbait berezia, gutako askori herri honen parte sentitzearen harrotasuna pizten diguna.

 

Euskal herritarrok gure hizkuntzaren alde daukagun konpromisoa modu askotan erakusten dugu. Eta Korrika erakuslerik ederrenetarikoa iruditzen zait. Milaka eta milaka lagun, gau eta egun, aldapa gora eta aldapa behera, etenik gabeko lasterketa zoro batean Euskal Herriaren luze-zabalean. Beti aurrera, etenik gabe, eskuz esku lekukoa pasatzen. Herritar bakanak, elkarteak, lagun taldeak, lankide taldeak, familiak, erakundeak... anitzak dira kilometro bat erosi eta euskararen alde alea jartzen dutenak.

 

Halakoxea izan behar baitu euskararen aldeko borrokak. Etenik gabea eta elkarrekintzatik sortzen den olatu erraldoia. Bazterrean ikusle direnak lasterketara batzera bultzatuko dituena. Olatu erraldoi batek tsunamia dakar. Ken Zazpik kantatzen zuen moduan, malko haiei esker, orain itsasoa gara. Eta Korrikaren leloak dioen bezala, Euskara Gara. Gogoan izan dezagun martxoaren 29tik aurrera ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!