Gazteak eta sare sozialak

Erabiltzailearen aurpegia Bakartxo Ruiz 2026ko otsailaren 24a

Azkenaldian bolo-bolo dabilen eztabaida da 16 urtetik beherako gazteei sare sozialak debekatzea. Zuek ez dakit, baina ni kontraesanez betea nauka gai honek.

Ez naiz debekuzale, oro har. Beti uste izan dut ikuspegi hezitzaileak emaitza hobeak ematen dituela. Alegia, edonork eskura daukan hori debekatu baino, izan ditzakeen ondorioak landu eta nork bere burua autoerregulatzeko gaitasunean sinisten dut. Hots, erabiltzekotan, modu arduratsuan erabiltzeko edo kontsumitzeko gaitasunean.

Baina egunero ikusten ditut haur eta nerabeak sareetan, topera. Baita horrek dakartzan mota askotariko ondorioak ere. Ikerketa batzuk hasi dira, dagoeneko, hiperaktibitateaz, arreta faltaz, autoestimu arazoez edo aurrez aurreko harremanetarako zailtasunaz ondorioak ateratzen. Zer esanik ez, ideologikoki izan dezakeen eraginaz.

Gazteei sareak ongi eta kritikoki erabiltzen laguntzea litzateke onena, zalantzarik gabe. Eta horretan jardun behar dugu. Baina, horrekin batera, hausnarketa egin beharko genuke helduon sareen erabileraz ere. Eta, edozein kasutan, zintzoki, guraso edo hezitzaileen esku al dago globala den fenomeno bati aurre egitea eta haur eta gazteak babestea? Gauzak erabat aldatu ezean, beldur naiz ez ote den, honezkero, ezinezko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!